XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

0.1. EREMUARI BURUZKO NOZIO MATEMATIKOA. EREMU ESKALARRA ETA BEKTORIALA

Fenomeno elektrikoak eta magnetikoak, karga elektrikoen eta korrontearen eremuak deituriko kontzeptuak erabiliz aztertuko ditugu.

Karga elektrikoen artean dagoen indarra, adibidez, karga baten eta bestearen eremuaren artean dagoen elkarrekintzari zor zaiola kontsideratuko dugu.

Beraz, derrigorrezkoa da hasiera-hasieratik eremuekin lan egiteko behar diren metodo matematikoak erabat jakitea.

Horixe da gai honen helburua, eta azpimarratu beharra dago eremu kontzeptua eta bektoreen matematika funtsezkoak direla, teoria elektromagnetikoan ezezik, gaur egungo fisikaren ia arlo guztietan.

Eremua espazioko puntuetan magnitude fisiko bat deskribatzen duen funtzioa dela esanda definitzen da.

Eremu eskalarretan magnitude fisiko hori balio bakar batez erabat zehaztuta dago, hau da, puntu bakoitzeko eskalar batez.

Tenperatura. dentsitatea, potentzial elektrikoa, etab. adibidez.

Eremu bektorialetan magnitudeaz gain norabidea eta norantza behar dira, hots, espazioko puntu bakoitza bektore batez definitzen da.

Abiadura, grabitazio-indarra, eremu elektrikoaren intentsitatea, etab. adibidez.

Algebra bektorialeko kontzeptuen berri eman baino lehen, argitu beharra dago asignaturan zehar magnitude desberdinak koordenatu-ardatzetan adierazteko ardatz ortogonal lebobirakarien sistemak erabiliko direla, hau da, triedroa osatzen duteneko ardatzena eta behatzailea oinak jatorrian eta burua alde positiboan edukita higidura eskuinetik ezkerrera edo erloju-orratzen kontrako norantzan ikusten duela.